23 noviembre 2024
spot_img
23 noviembre 2024

Nola erredaktatu iritzi-artikulu bat

Iritzi-artikulua deritzon kazetaritza-testuan, egileak gai bati buruzko iritzi pertsonala azaltzen du, normalean gaurkotasuna duen gai baten inguruan.

Iritzi publikoan eragitea da kazetaritza-genero honen helburua, irakurleei landutako gaiei buruzko irizpide jakin bat osatzen laguntzea alegia. Albiste bihurtzeko moduko gertaerak izan ohi dira.

Komunikabide guztiek dute ildo editoriala, eta honek hedabidearen iritzia islatzen du. Baina kasu honetan, iritzi-artikulua sinatuta dago, eta egileak bere izenean hitz egiten du, ez komunikabidearen izenean, nahiz eta askotan bataren zein bestearen ideiak ildo bertsukoak diren.

Ohikoa da komunikabideetan iritzi-artikuluak sinatzen dituztenek ibilbide luzea edo ospea izatea dagozkien eremuetan, eta horren ondorioz, haien iritziak kontuan hartzeko modukoak izatea komunikabidearentzat zein irakurleentzat, aspalditik ezagutzen dituzte eta. Halaxe gertatzen da, esaterako, Onintza Enbeita, Iban Zaldua edo Blanca Urgellekin Berria egunkarian.

Influencerrak erreferente bihurtu dira beren jarraitzaileentzat modaren edo bideojoen esparruetan, eta berdin-berdin, iritzi arloko kazetariek eragina egiten diote gizartearen pentsamenduari eta iritzi publikoari gaurkotasunezko gaien inguruan.

Egitura

Iritzi-artikulua ez da oso luzea izaten. Honako elementu hauek ditu:

Izenburua edo titularra: deigarria izan behar du, irakurlea aurrera jarraitzera animatzearren.

Sarrera: testuaren lehenengo zatian, artikuluan defendatu beharreko tesia edo ideia azalduko da.

-Gorputza edo garapena: zati honetan, tesiari edo ideiari eusten dioten argudioak azalduko dira. Egilearen jarrera argitu edo justifikatuko duten datuak, erreferentziak eta frogatutako gertakariak sartu behar dira.

Adibidez, zinema munduko krisiari aurre egiteko hartu beharreko neurriez hitz eginez gero, oinarritzat hartu beharko genituzke datu batzuk: zinema-aretoetako eta antzokietako sarreren salmenta, pirateriaren ehunekoak edota Estatuak sektore honi ematen dizkion dirulaguntzak. Egileak pasadizo pertsonalen bat ere sar dezake, zinemara joan zen azken aldiari buruz.

Irakurleari argudioen zergatia argitu ondoren, egileak proposamenak sartu eta baloraziozko iritziak eman ditzake.

Ondorioa: ideia nagusiari berriro heldu eta amaierako gogoeta egingo da, irakurlea pentsatzen jarri eta konbentzitzeko asmoz.

Estiloa

Informazio-testuetan ez bezalaxe, iritzi-artikuluetan egileak lehen pertsonan hitz egiten du, bere irizpide subjektiboaren arabera. Era berean, hizkuntza ez dago horren mugatuta eta askoz ere sortzaileagoa eta originalagoa izan daiteke.

Tesiari eusten dioten argudioak ematerakoan, ohikoa da gaiaren inguruan garrantzia edo eragina duten pertsonen esaldiak sartzea. Egileak pasadizoak edo esperientzia pertsonalak sar ditzake bere ikuspuntua indartzeko, baita frogatutako datuak eta gertakariak ere.

Informazio hutsetik harantzago, errealitatea interpretatu eta iritzi arrazoituak eman behar dira. Horretarako, zilegi da honelako esamoldeak erabiltzea: bistan da, hain zuzen ere, jakina, mundu guztiak dakienez, gogoan izan, ezin uka…Erretorika izenaz ezagutzen da jendea konbentzitzea helburu duen hitz egiteko edo idazteko estilo hau. Ildo honetan, literatura arloko elementuak sar daitezke, metaforak edo enumerazioak kasu, eta diskurtsoari dagokion argudio-egiturari jarraituko zaio.

Últimas noticias

- Contenido patrocinado -