23 noviembre 2024
spot_img
23 noviembre 2024

Tutoriala: Nola egin podcast bat?

Podcasta irrati-formatua duen edukia da, baina ez da zuzenean ematen, baizik eta sarera igotzen da, erabiltzaileek edozein unetan entzuteko aukera izan dezaten. Formatu hau eskuin-ezker zabaldu da eta gero eta gehiago dira irrati formatu honetan egindako saioak edo edukiak garatzea erabaki duten kazetariak edo komunikazioaren arloko profesionalak.

PLANIFIKATZEA

Podcasta prestatzen hasteko, oso ondo planifikatu eta prestatuko dugu behar dugun guztia. Prestaketa-prozesua albistea, iritzi-artikulua edo elkarrizketa egitean erabiliko dugun berbera da. Dokumentazioa bildu, testuan azaldu nahi duguna prestatu eta behar bezala antolatuko ditugu gaiak (albiste batean), ideiak edo argudioak (iritzi-artikulu batean), eta galderetako gaiak (elkarrizketaren kasuan).

Prestatuta eta idatzita daukagunean, behar ditugun materialak prestatuko ditugu. Kasu honetan, telefono mugikorra baino ez dugu behar dugu audioa grabatzeko. MOJO ekipoa baduzue, mikrofonoa erabil dezakezue audioa kalitate hobean grabatzeko. Gogoan izan mikrofonoa edo telefono mugikorra pasatu eta hitz egiten ari denarengana hurbildu behar duzuela, ahotsa argi eta garbi entzun dadin.

Grabazioak gela egoki batean egin behar dira, enbarazu egiteko moduko soinurik gabe, baina gelak ez du oso handia izan behar, oihartzuna edo erreberberazioa saihesteko. Irrati-ekipoa edo irrati-estudio txiki bat baldin baduzue, askoz ere hobeto.

Telefono mugikorrarekin grabatzea erabakitzen baldin baduzue, edozein app erabil dezakezue ahotsa grabatzeko, baina kontuan izan doako aplikazio espezifikoak daudela podcasta grabatzeko. Anchor da gehien gomendatzen direnetako bat (Spotifyren jabetzakoa da egun). Zerbitzu ezin hobea da irrati-ingurune honetan sartzeko, izan ere, tresna arras erraz eta intuitibo honen bidez, podcasta sortzeko prozesu osoa egin dezakezue: grabazioa, edizioa eta argitalpena. Aplikazio honi esker, amaierako emaitza Anchor edo Spotifyren plataformetan argitaratu ahal izango duzue, eduki hori gure aldizkarian partekatzeko aukera ere erraztuz.

Beste aplikazio batzuk ere badaude audioa ordenagailuaren bidez edo modu telematikoan grabatzeko; adibidez, Discord, Google Meet eta Skype.

PRODUKZIOA

Nola egin albiste bat podcast formatuan?

Podcast formatuko albistea eta idatzizko formatuko albistea ez dira oso desberdinak. Garrantzitsuena gertakariaren alderdirik nabarmenena azaltzen hastea da, eta ondoren, gainerako informazioa alderantzizko piramidearen egiturari jarraituz ematea: garrantzitsuenetik garrantzi gutxien duenera.

Elkarrizketatu dugun norbaiten adierazpenak edo hitzak gehitzeko aukera baldin badugu, askoz ere hobeto. Halakoei ahots-mozketak deritzegu irratian. Ahots-mozketa hori eman aurretik, garrantzitsua da hitz egingo duen pertsona aurkeztea, entzuleak ahots berri hori nor den jakin dezan. “Horrela azaldu du; halaxe jakinarazi digu, gertatutakoaren inguruko iritzia eman digu…”, eta ondoren, izena eta nor den esango dugu (bizilaguna, ikasle ohia, irakaslea…).

Garrantzitsua da ahots-tonu sendoa erabiltzea, baina pixkanaka-pixkanaka hitz eginez eta hitzak oso ondo ahoskatuz, ahoa asko zabalduz, hitzak murtxikatuko bagenitu bezala. Garrantzitsua da ahotsa argia eta ulergarria izatea.

Era berean, garrantzitsua da labur-labur hitz egitea, izan ere, irratian ahots bera luzaro hitz eginez entzutea aspergarria izan daiteke. Albistea bi pertsonaren artean egin dezakegu. Bi ahots entzutea dinamikoagoa izango da!

Nola egin informazio-buletin bat?

Ordu-orduro, irrati guztiek “informazio-buletina” deritzona ematen dute, munduan gertatutakoaren azken ordua azaltzeko albiste-bilduma.

Informazio-buletina prestatzeko, nahikoa da azaldu nahi dituzuen albisteak idatzi, erabili beharreko ahots-mozketak aukeratu eta, nahi baduzue, hasierako sintonia bilatzea.

Ondo erabaki behar duzue zeintzuk diren albisteak azalteaz eta hitz egiteaz arduratuko direnak. Pertsona bat aukera daiteke buletina aurkeztu eta gidatzeko, eta hainbat erredaktore albisteak irakurtzeko.

Hasteko, aurkezleak “Egun on” esan beharko du, baita eguna, ordua eta bere izena ere. Adibidez: “Egun on, goizeko 8ak dira eta ostirala da, urtarrilak 21. Leire naiz, RED Reportekoa”.

Jarraian, albisteak irakurriz joan zaitezkete, lehen azaldu dugun irrati-albistearen formatuari jarraituz. Aurkezleak albiste bakoitzaren titularra irakur dezake, erredaktoreari hitza emateko. “Ikastetxeak jangela berria inauguratu du. Martin Osak dakarkigu horren berri”, eta Martin Osa arduratuko da albiste osoa azaltzeaz.

Informazio-buletinak aldizkariaren antzeko egitura du. Albisteak atalka sailka ditzakegu: Bizitza, Kultura, Kirolak… eta Eguraldia! Informazio-buletinean nahitaezkoa da hurrengo orduetarako eguraldiaren aurreikuspena sartzea!

Zalantzak al dituzue? Entzun adibide hau.

Nola egin iritzi-artikulu bat podcast formatuan?

Irratsaio guztiek dituzte iritzi-tarteak, eta horietan kolaboratzaileek edo kazetariek gai jakin bati buruzko iritzia ematen dute 1 eta 3 minutu bitarteko iraupena duen grabazio baten bitartez. Idatzizko formatuan egin dezakegun edozein iritzi-artikuluren antzeko egitura du.

Lehenik eta behin, gaia aurkeztuko dugu pasadizo edo informazio interesgarriren batetik abiatuta. Jarraian, argudioak ematen hasiko gara gure iritzia defendatzeko.

Argudio horiek egiazko informazio edo datuetan oinarrituta egon daitezke, eta horiek guztiak aipa ditzakegu gure iritzia ondo arrazoitzeko.

Azkenik, amaierako ondoriotzat erabiliko dugun esaldiren bat esan behar dugu.

Zalantzak al dituzue? Entzun adibide hau: La opinión de Carles Francino | La gran cacería – La Ventana – Podcast en iVoox

Nola egin elkarrizketa bat podcast formatuan?

Irrati-elkarrizketa da egitura argiena duen generoa. Idatzizko elkarrizketaren egitura bertsua du, baina kasu honetan, aldizkarietan nahiz egunkarietan argitaratutako elkarrizketetan ez bezalaxe, hasierako eta amaierako agurra egin behar diogu elkarrizketatuari.

Gogoan izan, irrati-formatuan ahots berri bat entzuten dugun bakoitzean, aurkeztu egin behar dugula. Beraz, elkarrizketa hasi baino lehen, agurtu egin behar dugu, gure izena ere esanez. Ondoren, elkarrizketatuaren izena eta kargua aipatuko ditugu, hasierako agurra egin aurretik. Sarrera labur bat egin dezakegu nor den, zertan diharduen edo zergatik elkarrizketatu behar dugun azaltzeko. Hori guztia egin ondoren, galderei ekingo diegu.

Garrantzitsua da galderak multzo tematikoetan antolatzea.

POSTPRODUKZIOA

Nola editatu podcast bat?

Audioa grabatu ondoren, mugikorrarekin edo ordenagailu baten bidez edita dezakegu. Egun, hainbat app eta programa libre daude audioa editatu eta plataforma espezifikoetan argitaratu ahal izateko.

Audioa Anchorren bidez grabatu baldin badugu, segmentu desberdinak sortu eta aplikazioaren laguntzaz edita diditzakegu. App honek amaierako emaitza Anchor edo Spotifyren plataformetan argitaratzeko aukera ematen digu, gerora edukia gure aldizkarian partekatu ahal izateko.

Audioa ordenagailuaren bidez grabatu baldin badugu, Audacity bezalako edizio libreko programaren baten bidez edita dezakegu, edo ordenagailuaren softwarearen laguntzaz: Windowsen argazkien aplikazioa eta iMovie, Mac-en kasuan.

Non argitaratu?

Arestian azaldu dugunez, Anchor aplikazioak amaierako emaitza bere plataforman edo Spotifyn argitaratzeko aukera ematen digu. Kasu batean zein bestean, amaierako emaitza aldizkarian eta sare sozialetan erreproduzitu eta partekatu ahal izango dugu.

Ordenagailuaren bidez egin badugu, iVoox plataforma erabil dezakegu.

Nola argitaratu aldizkarian?

Aldizkarian partekatzeko, nahikoa da esteka kopiatzea erreproduzitzailearen kutxa automatikoki sortzeko. Horrela gertatuko ez balitz, audioaren esteka kopiatu beharrean, kodea txertatzeko aukera hautatu beharko genuke, aldizkariaren WordPressean “HTML pertsonalizatua” atala hautatuz eta kodea bertan itsatsiz.

Horrekin batera, gogoan izan zuen sarrerako oinarrizko itemak bete behar dituzuela: izenburua, azpititulua, sinadura eta sarrera laburra. Kategoria, nabarmentzeko moduko irudia, etiketak eta egileak ere gehitu behar dira.

Podcasta argitaratzeko prest duzue dagoeneko!

Últimas noticias

- Contenido patrocinado -