2 diciembre 2024
spot_img
2 diciembre 2024

Nola erredaktatu erreportaje bat

Erreportajea deritzon kazetaritza-generoak aldez aurretik planifikatutako dokumentazio-lana du ezaugarri, irakurleei informazio sakona eskaintzeko asmoz. Kazetariak egiazko gertaera batera hurbildu eta hainbat iturri kontsultatuko ditu, iturri horiek emandako informazioa aztertu baino lehen. Oro har, erreportajea pieza luzeagoa eta osoagoa da, eta beste informazio-generoek baino denbora gehiago behar du garatzeko. Albistean bezalaxe, azaldu beharreko gertaeraren ikuspegia hainbat iturri elkarrizketatuz lortuko da. Erreportajea egiteko, funtsezkoa da beharrezko informazioa emango diguten iturri egokiak aukeratzea. Normalean kazetaria jartzen da iturriekin harremanetan. Modurik ohikoena haien bila joatea da, hau da, kazetaria iturriarekin aurrez aurre hitz egiten saiatzen da. Deia, bideo-deia eta posta elektronikoa ere erabil daitezke iturriarekin harremanetan jartzeko. Erreportajearen kasuan, zenbat eta iturri gehiago kontsultatu orduan eta hobeto, egin beharreko kazetaritza-lanari sinesgarritasun handiagoa eman ahal izateko. Idatzizko erreportajea irudiekin argitaratu ohi da, gertaeren azalpenari egiazkotasun handiagoa emateko, baina ikus-entzunezko formatuan ere egin daiteke.

Erreportajearen antolaketa

Erreportaje ona egiteko urrats jakin batzuk bete behar dira. Lehenik eta behin, garrantzitsua da gaia interesgarria izatea. Erreportajeetan, era askotako gaiak jorra daitezke: bidaiak, gastronomia, politika, zientzia, kultura, gizartea, moda, ekitaldiak, etab., baina kasu guzti-guztietan, gai horiek irakurleen interesekoak izan behar dute. Gainera, erreportajeak hainbat taldetan sailka daitezke: erreportaje zientifikoa (aurrerapen eta aurkikuntza zientifikoak); azalpen-erreportajea (gizartearen intereseko gertaeretan sakontzea); ikerketa-erreportajea (gertaera jakin baten inguruko xehetasun ezezagunak argitara ematea); giza-intereseko erreportajea (pertsona bat edo bizitzaren alderdi bat ardatz duena)… Erreportajeen adibide horiek guztiak aurki daitezke komunikabide guztietan. Jorratu beharreko gaia erabaki ondoren, kazetariak eskema txiki bat prestatuko du, landuko dituen edukiak, testuaren egitura eta erreportajearen estiloa zehazteko. Erreportajearen estiloa narratiboa eta sormenezkoa da, hau da, kazetariaren ikuspuntua onartzen du, baina iritzi pertsonala azaldu gabe. Ikerketa da urratsik garrantzitsuena, eta pauso honetan, kazetariak gaiari buruzko informazioa bildu eta erreportajearen protagonista bihurtuko diren iturriak kontsultatu eta elkarrizketatuko ditu. Informazio guztia lortu ondoren, erreportajea idazteko unea iritsiko da. Beraz, erreportajea egiteko, urrats hauek bete behar dira orokorrean: ikerketa, informazioaren antolaketa, idazketa eta aurkezpena.

Erreportajearen idazketa

Ez dago egitura zehatzik erreportaje-mota desberdinak idazteko, baina informazioa azaltzeko modu desberdinak daude.

Lehenik eta behin, garrantzitsua da izenburua iradokitzailea, laburra eta deigarria izatea, arreta erakari ahal izateko. Horri azpititulu bat eta/edo aurretitulu bat erantsiko zaizkio beti. Gainera, testuaren hasieran, jakin-mina eragiteko moduko sarrera edo lead interesgarria idatziko da, betiere 6Wei erantzunez: zer, nork, non, noiz, nola eta zergatik. Baina kasu honetan, gorputzean ez da albisteari dagokion alderantzizko piramidearen egitura erabili behar. Kazetariak aukeratu behar du nola azaldu nahi dituen gertakariak. Testuan edo ikus-entzunezko piezan, kontrastatuta agertu behar dira gaiaren inguruko iturriak eta informazioa. Amaiera da erreportajearen alderdirik garrantzitsuenetako bat. Ondorio moduko paragrafo batekin bukatu behar da, ikerketaren azken datuak nabarmenduz. Gainera, kazetariak iruzkin bat ere sar dezake, irakurlea informazio horretaz hausnarketa egitera gonbidatzeko.

Erreportajea egiteko gomendioak

Funtsezko arau bat dago erreportajea idazteko. Oso garrantzitsua da iturriek azaldutako gertaerak testuan jasotzea, aipamenen bitartez edo informazioa nork eman duen azalduz, baldin eta iturria jendaurrean agertzeko prest badago. Esaterako, beganismoari buruzko erreportajea egiteko ile-apaindegi begano eta ekologiko bateko arduraduna elkarrizketatzen badugu, testuan erabil ditzakegu horren adierazpenak, komatxoen artean. Adibidea: “tratamenduetan beti erabiltzen ditut animalietan testatu ez diren produktu beganoak”. Gainera, genero informatiboko edozein kazetaritza-piezatan bezalaxe, garrantzitsua da erreportajeak ezaugarri dituen objektibotasuna, argitasuna eta zehaztasuna behar bezala betetzea. Informazioari objektibotasun eta zehaztasun handiagoa emateko, behar-beharrezkoa da lekukoen adierazpenak, paisaien deskribapenak, infografiak, irudiak edo testu osagarriak sartzea.

Nola egin fotorreportaje bat

Zer da fotorreportajea?

Fotorreportajea albiste bihurtu den gertaera baten erregistro bisuala da, eta hartzaileari informazioa irudien bidez ematea du helburu, irakurri beharrik gabe. Albisteko gertaera islatzen duten argazkiek komunikatu egin behar dute: zer, nor, nola, noiz eta non. Fotorreportaje ona egin ahal izateko, zenbait jarraibide aintzat hartu behar dira: Lehenik eta behin, garrantzitsuena fotorreportajearen gaia aukeratzea da, izan ere, zure argazkiek gai hori izango dute oinarri. Gaia aukeratu ondoren, hurrengo urratsa horretan sakontzea izango da, irudiekin jendeari zer helarazi nahi diogun hobeto argudiatu ahal izateko. Arrazoiketa on batez jendeak hobeto ulertu ahal izango du zure ikuspuntua. Ondorengo urratsa istorioaren kontaketa gidoi baten bidez planifikatzea izango da, zeure istorioa sortu eta kontakizuna une oro argi izateko, tarteka-marteka gidoia aldarazteko moduko ustekabeak gerta daitezkeen arren. Argazki ugari atera, amaierako produktua lantzen lagunduko digun material-eskaintza zabala eta nahikoa lortu ahal izateko.

Zehaztu zeintzuk diren argazkietan erabiliko ditugun planoak; adibidez:

Plano orokor handia: Plano-mota hau mundu osoko irekiena da eta askotariko paisaiak egiteko aukera ematen du. Planoaren protagonista den zerbait ere izan ohi du, interesguneren bat, ez da soilik paisaia ireki bat. Protagonismoa elementu edo pertsonari dagokion arren, hondoak ere garrantzi bertsua izango du, eta ondorioz, arreta berezia eman beharko diogu enkoadraketa egiterakoan.

Plano osoa: Gure intereseko pertsona edo elementua osorik aterako da, argazkiaren protagonista bihurtuz eta enkoadraketa osoa goitik behera betez. Enkoadraketa zertxobait doitu ahal duzu argazkia gehiago edo gutxiago betetzeko, baina kontuz, oinak moztu gabe.

Xehetasun-planoa: Hala ere, gure adibideko protagonista jarrera neutroan geratuko da plano-mota guztiak errazago ikus ditzazun. Plano-mota honek gure pertsona edo elementu protagonistaren zati zehatz bat du ardatz, xehetasunen bat, beren-beregi nabarmentzeko.

Plano pikatua: Plano-mota hau kamera irudiaren subjektu edo foku-puntuaren gainean jartzean sortuko dugu. Pertsonen kasuan, kamera begien gainetik jarri behar da, pixka bat beherantz makurtuta. Gure subjektuak txikiagoa dirudi, argazkia goiko angelu batetik ateratzeak dakarren nanismo-efektuaren eraginez.

Azkenik, behar-beharrezkoa da fotorreportajea egiteko ekipamendu egokia lortzea. Kamera, argiak, lenteak eta objektiboak, tripodea, bateriak eta biltegiratze-memoriak dira ahaztu behar ez dituzun funtsezko gauzak. Landu beharreko gaira eta erabili beharreko materialera egokitzen ere jakin behar da.

Urrats horiek guztiak beteta, argazkiak ateratzera irten zaitezke zure fotorreportajea osatzeko. Buruan dituzun ideietatik eta irudimenetik abiatuta, zeure istorioa sortzeko ordua iritsi da.

Últimas noticias

- Contenido patrocinado -