7 octubre 2024
spot_img
7 octubre 2024

Nola erredaktatu kronika bat

Kronika informazioa eta iritzia uztartzen dituen albiste zabaldua da; bestela esanda, kronika kazetaritzako interpretazio-generoa da.

Kazetariak gaurkotasunezko gertakariak azalduko ditu, normalean gertatu ahala edo gertatu eta berehala, eta iruzkinez hornituko ditu, horri buruzko uste eta iritzi pertsonalak gehituz.

Kazetaritza-generorik aspaldikoenetakoa da. Kroniken adibideak aurki daitezke antzinate klasikoan, historiako lehen kronikalaritzat jotzen den Halikarnasoko Herodotoren bidaiei buruzkoak kasu, baita Amerikako Aurkikuntzan ere, Indietako Kronika ezagunak.

Egitura

Kronikaren egitura ez dago albistearena edo airitzi-artikuluarena bezain definituta. Kasu honetan, egileak testu originala sortu eta itxuran zein hizkuntzan berritzeko askatasuna du.

Hala ere, gaurkotasunezko gertakari bizia baldin bada, ohikoa da narrazio kronologikoa egitea. Hau da, kronikak denboraren joanari jarraituko lioke. Adibidez, futbol-partida bati buruzko kirol-kronika batean, egileak jokoaren bilakaerari jarraituko lioke, norgehiagokan diharduten taldeak, zelaian agertutako jokalariak edota entrenatzaileek erabilitako estrategiak aipatuz, besteak beste.

Kronika bat idazterakoan, hauexek dira kazetariak bete beharreko urratsak: informazioa bilatzea, eskema batean zer kontatu nahi duen eta zein ordenatan zehaztea eta hizkuntza aberatsa erabiltzea, aurrerago ikusiko dugunez.

Behin idazten hasita, lehenengo paragrafoa funtsezkoa da irakurlearen arreta erakartzeko eta irakurtzen jarraitzera animatuko duen lehen inpresioa osatzeko. Kronikan onartuta dago sormen-askatasuna, eta ondorioz, ez da beharrezkoa albistearen 6Wen (zer, nork, noiz, non, nola eta zergatik) araua betetzea.

Motak

Kronika oso kazetaritza-genero irekia da, hainbat egoeratan erabil daitekeena. Normalean, korrespontsalak eta berriemaile bereziak dira kronikak gehien idazten dituztenak, beste herrialderen batetik, garrantzi handiko gertakariren baten berri emateko.

Adibidez, ondorio larriak dituzten hondamendi naturaletan, lurrikarak edo uholdeak kasu. Nazioarteko kronikak idatzi ohi dira, halaber, gertuko edo garrantzi handiko herrialdeetako hauteskunde-prozesuen kariaz, baita gatazka politiko edo armatua dagoenean ere, noski.

Kultura eta kiroletako ataletaerekazetaritza-kronikak aurki daitezke. Esaterako, kultur ekitaldi bati buruzko kronika (argazki-erakusketa bat, kasu) edo kirol-ekitaldi bati buruzkoa (saskibaloi-partida bat). 

Hauexek dira ohikoenak, baina kazetaritzak zenbat gai jorratu, horrenbeste kronika-mota daude. Hartara, gertakarien kronikak, kronika judizialak edo epaitegietakoak, bidaietako kronikak eta gerrako kronikak aurki ditzakegu, besteak beste.

Estiloa

Kroniketan erabiltzen den hizkuntza albisteetakoa eta gainerako informazio-generoetakoa baino askoz ere libreagoa eta sortzaileagoa da. Gertakarien narrazioa pertsonen eta lekuen deskribapenarekin, elkarrizketekin eta iruzkin edo balorazio pertsonalekin konbinatzen da. 

Kasu honetan, kazetari bakoitzak bere estilo pertsonala du, eta hau testu bakoitzean islatzen da, izan ere, egilea kontatutako gertakarien lekukoa da eta horiexetan inplikatzen da irakurleari azaltzeko. Hau oso argi ikusten da, adibidez, lehen pertsonaren erabileran. 

Kronika kazetaritzaren eta literaturaren arteko hibridoa da, eta ondorioz, hainbat figura literarioz baliatzen da: metaforak, enumerazioak, aliterazioak. Albistean ez bezalaxe, kronikan barra-barra erabiltzen dira adjektibo deskribatzaileak eta denbora eta espazioko adberbioak irakurlea kokarazteko.

Kazetaritza arloko lizentzien gainetik, garrantzitsua da argitasunari, zehaztasunari eta egiazkotasunari eustea. Egilea sortzailea izan daiteke eta baliabide literarioak erabil ditzake, baina ez ditu inolaz ere gertakariak asmatu behar.

Últimas noticias

- Contenido patrocinado -